viernes, 30 de marzo de 2012

Jolasen bidez ikasi



Jolasa umearen berezko jarduera da, jarduera naturala, eta beharrezkoa harentzat; ezinbestekoa da hazkunde fisikoa, intelektuala, soziala eta afektiboa lortzeko. Jolasaren bidez, umeak ongi pasatu, gozatu eta nortasuna sendotu ez ezik, autonomia ere lortzen du.

Ume baten heziketan jolasek paper garrantzitsua dute, atal desberdinak garatzen baititu. Gainera, aipatu beharra dago haur hezkuntzan irakasten den gehiena, guztia ez esateagatik, jolasen bidez bideratzen dela. Edozein adinetan, jolasa garrantzia handiko jarduera bat da garapen egoki baterako; curriculumaren autonomia eta ezagueraren esperientzia eremuak ere hori dio:


“Etapa honetako haurren garapenaren dimentsio guztiak jolasarekin loturik daude. Haurrek ekintza, objektuak erabiltzea eta ingurukoekin harremanak izatea behar dute, eta hori jolastuz egiten dute. Jolasaren bitartez, haurrak bere ulertzeko moduak antolatzen ditu, bere gaitasunak probatzen ditu, bere esperientzia berregin eta ulergarriago egiten du, bere emozioak menderatzen saiatzen da eta bere burua ezagutzeko bidean aurrera egiten du”.

Bestalde, jolasen bitartez, haurrek eduki anitz lantzeko aukera dute era azkarrago eta dinamiko batean. Adibidez, zenbait jolas edo jardueren bitartez matematikazko, hizkuntzak, zientziaren edo arte plastikoen gaitasunak lantzen dira, besteak beste. Jarraian, hain zuzen ere, koloreak lantzeko baliagarria den jolas bat proposatzen dut:


Jolas mota: Sentsoriala

Jolasaren izenburua: “Azenarioa” - “Koloreak” 



Helburuak:

  • Gaitasun sentsoriala garatzea
  • Emozioak eta sentimenduak adieraztea
  • Koloreak lantzea
  • Gauzak aztertzea eta analizatzea

Edukiak:
  • Kontzeptualak: Koloreak
  • Prozedurazkoak: Erreakzio azkarra estimulu baten aurrean
  • Jarrerazkoak: Jolasa dibertitzeko bide gisa onartu

Denboralizazioa: Koloreak ikasten hasten direnean, 10 minutuko iraupena

Taldekatzea: Talde handian

Zailtasuna: Baxua

Intentsitatea: Ertaina

Espazioa: Edozein leku zabala, kolore desberdineko elementuekin apaindua

Materiala: Ez da behar.

Jolasaren deskribapena: Haur guztiek, bat izan ezik, korru batean egongo dira zutik. Korruaren barruan ez dagoen haurra zirkuluaren erdian egongo da. Korruaren erdian dagoena, eserita egon behar da eta berak nahi duenean honakoa esango du: “Azenarioa, azenarioa (kolore baten izena) koloretakoa”. Gainerako guztiek korrika egiten abiatu behar dira korruaren erdiko umeak esandako koloreko elementu bat ukitzera. Bitartean, korruaren barneko umea besteak harrapatzen saiatuko da. Ukitua izaten den lehenengoa, jolasaren hurrengo txandan, korru barruan eseri beharko dena izango da baita besteek zein kolore ukitu behar duten erabakiko duena ere.



Aldaerak:
  • Korruaren barnean dagoena eta gainerakoek zein kolore ukitu behar duten erabakitzen duenak, kolore bakar bat esan beharrean, bi kolore izendatzea.
  • Kolore baten izena esan beharrean, gelako elementuen beste ezaugarriren bat esatea: izenak, forma, tamaina…

Ebaluazioa: Behin jolasa bukatu denean, haurrek fitxa bat bete behar dute kolore desberdinen izenak aipatuz. Ondoren, bakoitzaren fitxa gelako horma-irudian eskegiko da.





LANTZEN DIREN GAITASUNAK:
  • Gizarteratzeko gaitasuna
  •  Norberaren autonomia eta ekimenerako gaitasuna
  • Arte plastikoen gaitasuna (koloreak identifikatzean)

ADIERAZLEAK:

Jolasaren arrakasta edo porrota maila neurtzeko kontuan izan beharreko adierazleak honakoak dira:
    • Kolorea esan behar duenaren txanda errespetatzen da
    • Haurrek haien artean laguntzen dira
    • Edozein koloretako elementua ukitu baino lehen, kolorea ondo pentsatzen dute
    • Haurren arreta mantentzea lortzen da
    • Haurrek pozik daude eta gogotsu agertzen dira 

    Jolasen garrantzia aztertu eta jolas baten proposamena prestatu eta gero, ondorio batera iritsi naiz: Jolasa kanpoko mundua arakatzeko eta ezagutzeko bidea da, baita sentimenduak, ideiak, nahiak, beldurrak, adimena eta irudimenaren garapena azalarazteko baliabidea ere. Horregatik, jolasa haurraren egunerokotasuneko garapenerako ezinbesteko tresna da. Haurrek eskura izan behar duen baliabide esanguratsua da, eta modu askean erabiltzeko eskubidea izan behar dute.

    1 comentario:

    1. a) Zorionak! Bai lan polita egin ere!
      b) Zer zuzendu ere badago; orain zentratuko gara, ikasgaian horretan gabiltzalako, gaitasunetan eta eurek suposatzen duten logikan.
      Zuk diozu:
      LANTZEN DIREN GAITASUNAK:
      *Gizarteratzeko gaitasuna
      *Norberaren autonomia eta ekimenerako gaitasuna
      *Arte plastikoen gaitasuna (koloreak identifikatzean


      Horiek denak idatzi behar dituzu askoz zehatzago, gero bat etortzeko ebaluazioarekin:
      Kolorea esan behar duenaren txanda errespetatzen da
      Haurrek haien artean laguntzen dira
      Edozein koloretako elementua ukitu baino lehen, kolorea ondo pentsatzen dute
      Haurren arreta mantentzea lortzen da
      Haurrek pozik daude eta gogotsu agertzen dira
      .
      Bakarrari begiratuta, zuk diozu "gizarteratzeko gaitasuna" baina soilik ebaluatuko duzu txanda errespetatzea eta elkarri laguntzea, soilik ariketa zehatz horretan. Orduan, bestela idatzi behar zenuke.

      ResponderEliminar