martes, 6 de marzo de 2012

Ipuinen garrantzia haur baten heziketan




Haur baten lehenengo bizitza urteak oso garrantzitsuak dira berarentzat, adin horretan gauzak ikasteko gogoz dago eta horregatik, ikasten duena barneratzeko ahalmen handia du. Etapa horretan, familia da eragilerik inportanteena, baina irakasleen papera ere ezinbestekoa da haurraren heziketan. Bi eta bost urte bitartean, haurra kontzeptuak bereizten hasten da, baloreak eta jokaerak barneratzearen hasierarekin batera. Azken hauek irakasteko baliabide erabilgarrienak ipuinak dira.

Hasteko, ipuinak kontakizunak direla esan beharra dago, familian, eskolan edo gizartean, belaunaldiz belaunaldi mezuak zabaltzen joan diren kontakizunak. Istorio hauek, helburu hezitzaile bat daukate, ez dira neutroak inondik inora. Ipuinek ezkutuan daramatzaten mezuak, curriculum ezkutua izeneko izenez ezagutzen dira. Nolabait esanda, mezu hori ez dago begi bistan eta bakoitzak era batera ulertuko du. Haur hezkuntzan, ipuina da lanaren ardatza, bere inguruan haurrek abestiak, igarkizunak eta eskulanak ikasten dituztelako, besteak beste. Hortaz, ipuinek ume baten heziketan duten garrantzian sakontzea ezinbestekoa da.

Ipuin bat entzuteak umea pentsatzera eramaten du, bertan mezu bat aurkitzen delako. Mezu horren bidez, umeek nola jokatu behar duten ulertzen dute. Hala ere, haur bakoitzak ipuina modu desberdinean interpretatu dezake, ipuinean ezkutatuta dauden baloreak eta mezuak guztientzako berdinak ez direlako. Gainera, haurrak dituen beldurrak alde batera uzteko tresna egokia da. Kasu gehienetan, haurra ipuinaren protagonistak dituen emozioekin identifikatzen da eta istorioan zehar gertatzen zaizkion abenturak baita hauek nola bukatzen duten jakiteak ere, haurrak berak dituen beldurrak gainditzeko baliabideak bihurtzen dira. Haurraren ulermen gaitasuna garatzeaz eta bere hiztegia aberatsa egiteaz ez ezik, ipuina haurraren garapen intelektualerako oinarrietako bat ere da, hots, haur bati istorio bat kontatzean, gauzak azkarrago eta era erraz batean ulertzen baititu.


Laburbilduz, ipuinak haur baten heziketan oso garrantzitsuak dira. Istorioek helburu hezitzaile bat daukate eta ondorioz, haurrei baloreak ere transmititzen diete. Gainera, haurrak heztea nahiko zaila da, berehala aspertzen direlako eta arreta oso erraz galtzen dutelako. Beraz, irakasleok haien interesa pizten dituzten baliabideak bilatu behar ditugu eta ipuinak baliabide aproposak dira horretarako, hain zuzen ere. Ipuin bat kontatzeko ordua, bai ipuina kontatzen duenaren aldetik baita entzuten duenaren aldetik ere, oso une berezia izan behar da; fantasiazko eraikuntzak sortuko direlako irakurlearen eta entzulearen buruetan eta irudimenak konpartitzeko aukera izango dute eta.

Hortaz, azaldu dudan guztiagatik, bi argazki hauek oso interesgarriak iruditu zaizkit.

1 comentario:

  1. Argazkiak ondo daude; hobeto idatzia. Agian, interesatu ahal zaizu ikasle batek horren inguruan egindako bloga, UDa sortu behar denean hainbat ideia interesgarri ditu ahozkotasunaren inguruan

    ResponderEliminar