viernes, 30 de marzo de 2012

Jolasen bidez ikasi



Jolasa umearen berezko jarduera da, jarduera naturala, eta beharrezkoa harentzat; ezinbestekoa da hazkunde fisikoa, intelektuala, soziala eta afektiboa lortzeko. Jolasaren bidez, umeak ongi pasatu, gozatu eta nortasuna sendotu ez ezik, autonomia ere lortzen du.

Ume baten heziketan jolasek paper garrantzitsua dute, atal desberdinak garatzen baititu. Gainera, aipatu beharra dago haur hezkuntzan irakasten den gehiena, guztia ez esateagatik, jolasen bidez bideratzen dela. Edozein adinetan, jolasa garrantzia handiko jarduera bat da garapen egoki baterako; curriculumaren autonomia eta ezagueraren esperientzia eremuak ere hori dio:


“Etapa honetako haurren garapenaren dimentsio guztiak jolasarekin loturik daude. Haurrek ekintza, objektuak erabiltzea eta ingurukoekin harremanak izatea behar dute, eta hori jolastuz egiten dute. Jolasaren bitartez, haurrak bere ulertzeko moduak antolatzen ditu, bere gaitasunak probatzen ditu, bere esperientzia berregin eta ulergarriago egiten du, bere emozioak menderatzen saiatzen da eta bere burua ezagutzeko bidean aurrera egiten du”.

Bestalde, jolasen bitartez, haurrek eduki anitz lantzeko aukera dute era azkarrago eta dinamiko batean. Adibidez, zenbait jolas edo jardueren bitartez matematikazko, hizkuntzak, zientziaren edo arte plastikoen gaitasunak lantzen dira, besteak beste. Jarraian, hain zuzen ere, koloreak lantzeko baliagarria den jolas bat proposatzen dut:


Jolas mota: Sentsoriala

Jolasaren izenburua: “Azenarioa” - “Koloreak” 



Helburuak:

  • Gaitasun sentsoriala garatzea
  • Emozioak eta sentimenduak adieraztea
  • Koloreak lantzea
  • Gauzak aztertzea eta analizatzea

Edukiak:
  • Kontzeptualak: Koloreak
  • Prozedurazkoak: Erreakzio azkarra estimulu baten aurrean
  • Jarrerazkoak: Jolasa dibertitzeko bide gisa onartu

Denboralizazioa: Koloreak ikasten hasten direnean, 10 minutuko iraupena

Taldekatzea: Talde handian

Zailtasuna: Baxua

Intentsitatea: Ertaina

Espazioa: Edozein leku zabala, kolore desberdineko elementuekin apaindua

Materiala: Ez da behar.

Jolasaren deskribapena: Haur guztiek, bat izan ezik, korru batean egongo dira zutik. Korruaren barruan ez dagoen haurra zirkuluaren erdian egongo da. Korruaren erdian dagoena, eserita egon behar da eta berak nahi duenean honakoa esango du: “Azenarioa, azenarioa (kolore baten izena) koloretakoa”. Gainerako guztiek korrika egiten abiatu behar dira korruaren erdiko umeak esandako koloreko elementu bat ukitzera. Bitartean, korruaren barneko umea besteak harrapatzen saiatuko da. Ukitua izaten den lehenengoa, jolasaren hurrengo txandan, korru barruan eseri beharko dena izango da baita besteek zein kolore ukitu behar duten erabakiko duena ere.



Aldaerak:
  • Korruaren barnean dagoena eta gainerakoek zein kolore ukitu behar duten erabakitzen duenak, kolore bakar bat esan beharrean, bi kolore izendatzea.
  • Kolore baten izena esan beharrean, gelako elementuen beste ezaugarriren bat esatea: izenak, forma, tamaina…

Ebaluazioa: Behin jolasa bukatu denean, haurrek fitxa bat bete behar dute kolore desberdinen izenak aipatuz. Ondoren, bakoitzaren fitxa gelako horma-irudian eskegiko da.





LANTZEN DIREN GAITASUNAK:
  • Gizarteratzeko gaitasuna
  •  Norberaren autonomia eta ekimenerako gaitasuna
  • Arte plastikoen gaitasuna (koloreak identifikatzean)

ADIERAZLEAK:

Jolasaren arrakasta edo porrota maila neurtzeko kontuan izan beharreko adierazleak honakoak dira:
    • Kolorea esan behar duenaren txanda errespetatzen da
    • Haurrek haien artean laguntzen dira
    • Edozein koloretako elementua ukitu baino lehen, kolorea ondo pentsatzen dute
    • Haurren arreta mantentzea lortzen da
    • Haurrek pozik daude eta gogotsu agertzen dira 

    Jolasen garrantzia aztertu eta jolas baten proposamena prestatu eta gero, ondorio batera iritsi naiz: Jolasa kanpoko mundua arakatzeko eta ezagutzeko bidea da, baita sentimenduak, ideiak, nahiak, beldurrak, adimena eta irudimenaren garapena azalarazteko baliabidea ere. Horregatik, jolasa haurraren egunerokotasuneko garapenerako ezinbesteko tresna da. Haurrek eskura izan behar duen baliabide esanguratsua da, eta modu askean erabiltzeko eskubidea izan behar dute.

    miércoles, 28 de marzo de 2012

    Ligatzeko gaitasuna

    Oraingoan, gaitasunez arituko gara, klasean lantzen ari garela aprobetxatuz. Horretarako, gaitasuna zer den ikusiko dugu eta ligatzeko gaitasuna ikusiko dugu adibide gisa.

    Gaitasuna errealitate pertsonalaren, sozialaren, naturalaren edo sinbolikoaren alderdiren baten gainean eraginkortasunez eta atseginez eragiteko ahalmena da. Gainera, gaitasun bat lortzea ez da batere erraza. Izan ere, gaitasun bat lortzeko jakintzak jasotzeko prozesua egon behar da non bakoitzaren abileziak eta trebetasunak garatu egiten diren eta ondoren, eskuratutako jakintza hori erabiltzen jakin behar da.

    Jarraian, ligatzeko gaitasunaren adibide bat ikusiko dugu bere adierazleekin, nahiz eta ligatzeko gaitasunak ugariak izan:


    Ligatzeko gaitasuna: Lotsarik gabe eta iniziatibaz, umilki eta jarrera positiboz pertsona berri bat ezagutzeko asmoa.


    Adierazleak:
    - Asko hitz egiten du
    - Besteengana hurbiltzeko erraztasuna dauka
    - Bera hitz egiten hasten da
          ·Gogotsu hitz egiten du
          · Errespetuz hitz egiten du
    - Begietara begiratzen dio
    - Gertutasuna erakusten du
    - Harroputza da
    - Hizkuntza edo hitz aproposak erabiltzen ditu
    - Intonazio eta tonu egokia erabiltzen du
    - Alaia da
    - Interesa pizten du aurrean duen pertsona ezagutzeko:
        · Galderak egiten ditu
        · Ez da gaitik desbideratzen


    Hortaz, azaldutako adierazle guztiak betez gero, aurrean duzun pertsona berarengan interesa daukazula ohartuko da. Hala ere, adierazle guztiak betetzea ez du esan nahi ligatuko duzunik, aurrean daukazun pertsona horrek ere zuk sentitzen duzuna sentitu behar du.

    domingo, 25 de marzo de 2012

    BALORE HEZKUNTZA



    Urteak aurrera joan arren eta hezkuntza sistemak aldaketa sakonak jaso arren, gaur egun haurrek, oraindik ere, orduak eta orduak ematen dituzte eskolan irakasgai ezberdinak aulki baten gainean eserita ikasten. Irakasgai horien garrantzia ukaezina da, baina askotan, baloreen hezkuntza aurrekoak bezain garrantzisua dela ahazten zaigu. 

    Bideo honek, balore hezkuntza horren garrantzia azpimarratzen digu era argian. Italiako aita eta seme baten istorioa kontatuz, errespetua, elkarbizitza, laguntasuna... eta beste balore batzuk ez izatearen ondorio latz bat erakusten digu. Adibide soila izan arren, ezin dugu ahahaztu maiala baxuago batean bada ere, ondorio asko ekarri ahal dizkigula eguneroko bizitzan, besteak beste zoriontzu ez izatea.


    E- learning

    Dokumentu hau aukeratu dut nahiko interesgarria iruditu zaidalako gaur egungo hezkuntzari buruz hitz egiteko. Egia da eskola bakoitzak irakasteko era bat izan dezakeela baina azken finean, guztiek helburu berdina dute: ikasleak gai batzuei buruz zer edo zer jakitea.
    Alde batetik, artilukuan aipatzen den moduan, filosofia, matematika edo beste hainbat ikasgai, akademikoentzat garrantzitsuak dira eta azkenean hori sartzen digute  burura. Ikasgai horiek ikastera behartzen gaituzte, baina, zergatik derrigortzen gaituzte ikasgai horiek ikasten ez baditugu gustuko? Gustuko ez dugun zerbait egitera behartzen gaituzte eta azkenean, kasu honetan askotan, ikasgai hori gorrotatzea baino ez dute lortzen.
    Bestetik, ordenagailuei buruz hitz egiten du, eta berarekin ados egon naiteke, zeren eta, eskolan gaur egun gero eta gehiago ordenagailuak erabiltzen dute, baina azkenean, liburuak izango balira bezala erabiltzen dute, hau da, liburuekin zeukaten antzeko sistema erabiltzen dute. Ordenagailuekin edo liburuekin klaseak egitea gauza bera da, agian, ordenagailuekin ikasleak teknologia mundura gehiago sartzen dira, baina ikasgaiei dagokienez, antzekoa egiten dute.
    Bukatzeko, Schank-ek dokumentuan aipatzen du eskolak desagertu behar direla, eta horrekin adibidez, ez nago berarekin ados. Egia da, eskolak, ikasleak akademikoki baino ez dituela prestatzen eta bizitzan gerta daitezkeen egoera desberdinak aurrera eramateko ikaskuntzak ez daudela,hala nola, gurasoa izateko ikaskuntza, baina nahiz eta bizitzako egoerak aurrera eramateko ikaskuntzak ez egon, nire ustez, eskolak nahitaezkoak dira. 

    domingo, 18 de marzo de 2012

    Igelaren eskulana



    Aukeratu dudan eskulana haurrekin egiteko igel bat da. Bideoan ikus daitekeenez, erabiltzen diren tutuak birziklatuak dira, hau da, komuneko edo sukaldeko tutuak erabiltzen dira. Hortaz, eskulan honen helburua psikomotrizitate fina lantzeaz gain, birziklatzeaz kontzientziatzea ere da. Beraz, ariketa hau ingurugiroari lotutako gaia lantzean egingo nuke, alde batetik, birziklatzearen kontzeptua barneratzeko modu bat delako eta, bestetik, animalia baten irudia egingo delako.

    Bideoan bertan esaten duten moduan, erabiliko diren materialak tutua, kolorezko paperak, errotulki beltza, kola eta artaziak. Lehen esan dudan moduan, tutua umeek etxetik ekartzea eskatuko zaie eta kolorezko paperak begiak egiteko beste momentu batetan erabilitako paper zatietatik hartutakoak izan daitezke. Bestetik, haur hezkuntzako umeekin egokiagoa litzateke barrazko kola erabiltzea likidotua baino.

    Prozesuari dagokionez, haurrek bakarrik pasu guztiak egin dezaten, kolorezko paper guztien ereduak egitea egokia litzateke. Horregatik, eskulana egiten hasi baino lehen irakaslearen eginkizuna erabiliko diren ereduak egitea izango litzateke. Esan beharra dago, ume bakoitzak apain dezakeela nahi duen moduan eta, horrela, haien sorkuntza edo imajinazioa sustatuko dute.

    Eskulan hau 5 urteko haurrekin egitea komenigarria litzateke, arteziekin mozteko psikomotrizitate fina hobeago egingo dutelako. Hala ere, saila dezaket lau urtekoekin egitera.

    viernes, 16 de marzo de 2012

    Garapen Psikomotorra

    Haur baten garapenean ezinbestekoak dira familia eta eskola, eta hauek era egokian garatzeko, besteekin harremanak sortzea. Horretarako, trebetasun sozialen eta mugimenduaren bitartez ere landuko dira. 

    Curriculumean oinarrituz, norberaren ezagutza eta autonomia pertsonalaren esperentzia eremuaren barnean kokaturik, harremanek lagunduko dute haurrari bere garapen kognitiboa eta mugimendu gaitasunak garatzen. Horrela, haurrek haien aukerak eta mugak ezagutuko dituzte. Horrez gain, atal honek honakoa aipatzen du: 

    “Etapa honetako haurren garapenaren dimentsio guztiak jolasarekin loturik daude haurrek ekintza, objektuak erabiltzea eta ingurukoekin harremanak izatea behar dute, eta hori jolastuz egiten dute. Jolasaren bitartez, haurrak bere ulertzeko moduak antolatzen ditu, bere gaitasunak probatzen ditu, bere esperientziak berregin eta ulergarriago egiten du, bere emozioak menderatzen saiatzen da eta bere burua ezagutzeko bidean aurrera egiten du.” 

    Harian harira, garapen psikomotorraren definizioa ematea beharrezkoa ikusten dugu. Horretarako, Garapen Psikomotorra Haur Hezkuntzan Mª Teresa Vizcarra Morales-en liburuko Durivage-n hitzetan oinarritu gara: mugimendua eta pertzepzio sentsomotorra biltzen duen zientzia da. 

    Arlo hau lantzeko honako dokumentua interesgarria iruditu zaigu. Bertan, garapen psikomotorraren helburuak, asaldurak, erreflexuak, patroi motoreak eta abileziak azaltzen dira. 

    Beraz, psikomotrizitatearen bitartez, umeek sentimenduak eta emozioak ulertu, adierazi eta errespetatu, ongizate sentsoriala, toniko eta afektiboa landu, eta objetuak bere balioa galdu eta beste zentzu bat hartuko dituzte.

    lunes, 12 de marzo de 2012

    Curriculumaren definizioa

    Curriculuma edukien programa egituratua eta hezkuntza esperientzia guztiak biltzen dituen testu malgua da, hainbat helburu lortzeko asmoz. Hau aplikatzeko arduradun nagusiak irakasleak dira. Horrez gain, hiru zehaztapen maila daudela aipatu beharra dago: lehenengoa, Oinarrizko Curriculum Diseñua (OCD) administrazioak kudeaturik; eta bigarrena eta hirugarrena, aldiz, ikastetxeak kudeatuta, Ikastetxe Proiektua (IP) eta Ikasgelako Programazioa.

    Didaktikaren definizioa

    Didaktikak ikaskuntza-irakaskuntza prozesuak ahalbidetzen duen eta testuinguru jakin  bateko curriculuma kontuan hartuz ikaslearen formakuntza integrala xede duen zientzia.

    domingo, 11 de marzo de 2012

    PIRRITX, PORROTX ETA MARIMOTOTS

          Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Euskal Herri osoan zehar haurrentzako ikuskizunak eskaintzen dituzten paiasoak dira, eta gaurkoan haiei buruz arituko naiz.
          Ikaragarria da benetan, haurrekin haien ikuskizun bat ikustera joatea, baita bideo bat ikustea ere. Normalean haurrak liluratuta geratzen direlako eta emozio asko irtenarazten dizkietelako. Pedagogikoki ikuskizun nahiko zainduak egiten dituzte eta hainbat eremu lantzen dituzte, kulturaren ezagutza, hezkidetza, inguruarekiko  ardura...
          Aipatutako ikuskizunez gain, beste baliabide batzuk eskaintzen dizkigute ere, hala nola, ipuinak, kartak, aldizkaria, jokoak, musika CD-ak...eta gaur aztertuko dugun web orrialdea, alegia.
          Orrialde honetan, paiaso dibertigarri hauen inguruko berriak topatu ditzakegu, baita agenda ere, bertan hurrengo egunetan non egongo diren ikusteko aukera ematen digu. Baina ezin dugu ahaztu haurrei eskainitako gunea dela, horregatik, haurrentzako bideoak eta jolasak topatu ditugu ere.
          Hiru joko desberdin eskaintzen dituzte, lehenengoa, Bikote Mikote izenekoa, honek haurrek bikoteak elkartzea du xeden. Bigarrena, Kukurrukuku, honetan animalia bakoitza dagokion soinuarekin lortu beharko dute, eta azkenik, Margotu, bertan haurrek, pirritx, porrotx eta marimototsen irudiak margotu ahal izango dituzte.
         Laburbilduz,  baliabide asko eskaintzen dizkigute haurrekin lantzeko, bai guraso eta bai hezitzaileoi ere. Bitartean haurrentzako oso dibertigarriak diren ekintzak prestatuz.



     

    jueves, 8 de marzo de 2012

    Irakasleak garenean...

    Gu irakasle garenean, ikasleak motibatu nahi ditugu, batez ere. Horretarako, edukiak baita metodologia ere, haietara egokitu beharra dago. Haurrek esperimentazioaren bidez eta naturarekin kontaktuan ikasten joango dira; Europako iparraldeko herrialdetan oinarritutako hezkuntza sisteman gertatzen den moduan, alegia. Era honetan, haurren autonomia sustatuko dugu.


    Gainera, kontuan izan behar dugu haurrek berehala arreta galtzen dutela, beraz, baliabide desberdinak bilatu beharko genituzke, esate baterako, ipuinak, jolasak, abestiak, antzerkiak, besteak beste. Bestalde, hezkidetza bermatzea gure zeregin nagusietako bat izango da, non norberaren desberdintasunak errespetatu behar diren, estereotipoak kontuan izan gabe.


    Laburbilduz, hezkuntza sistema hau errealitate bihurtzeko, haurren kolaborazioa beharrezkoa izango da. Hau gauzatzeko, adibidez, umeek erabaki dezakete asteko egun batean zer nolako jarduerak egin, hau da, haien erabakien arabera klasea antolatu.

    martes, 6 de marzo de 2012

    Ipuinen garrantzia haur baten heziketan




    Haur baten lehenengo bizitza urteak oso garrantzitsuak dira berarentzat, adin horretan gauzak ikasteko gogoz dago eta horregatik, ikasten duena barneratzeko ahalmen handia du. Etapa horretan, familia da eragilerik inportanteena, baina irakasleen papera ere ezinbestekoa da haurraren heziketan. Bi eta bost urte bitartean, haurra kontzeptuak bereizten hasten da, baloreak eta jokaerak barneratzearen hasierarekin batera. Azken hauek irakasteko baliabide erabilgarrienak ipuinak dira.

    Hasteko, ipuinak kontakizunak direla esan beharra dago, familian, eskolan edo gizartean, belaunaldiz belaunaldi mezuak zabaltzen joan diren kontakizunak. Istorio hauek, helburu hezitzaile bat daukate, ez dira neutroak inondik inora. Ipuinek ezkutuan daramatzaten mezuak, curriculum ezkutua izeneko izenez ezagutzen dira. Nolabait esanda, mezu hori ez dago begi bistan eta bakoitzak era batera ulertuko du. Haur hezkuntzan, ipuina da lanaren ardatza, bere inguruan haurrek abestiak, igarkizunak eta eskulanak ikasten dituztelako, besteak beste. Hortaz, ipuinek ume baten heziketan duten garrantzian sakontzea ezinbestekoa da.

    Ipuin bat entzuteak umea pentsatzera eramaten du, bertan mezu bat aurkitzen delako. Mezu horren bidez, umeek nola jokatu behar duten ulertzen dute. Hala ere, haur bakoitzak ipuina modu desberdinean interpretatu dezake, ipuinean ezkutatuta dauden baloreak eta mezuak guztientzako berdinak ez direlako. Gainera, haurrak dituen beldurrak alde batera uzteko tresna egokia da. Kasu gehienetan, haurra ipuinaren protagonistak dituen emozioekin identifikatzen da eta istorioan zehar gertatzen zaizkion abenturak baita hauek nola bukatzen duten jakiteak ere, haurrak berak dituen beldurrak gainditzeko baliabideak bihurtzen dira. Haurraren ulermen gaitasuna garatzeaz eta bere hiztegia aberatsa egiteaz ez ezik, ipuina haurraren garapen intelektualerako oinarrietako bat ere da, hots, haur bati istorio bat kontatzean, gauzak azkarrago eta era erraz batean ulertzen baititu.


    Laburbilduz, ipuinak haur baten heziketan oso garrantzitsuak dira. Istorioek helburu hezitzaile bat daukate eta ondorioz, haurrei baloreak ere transmititzen diete. Gainera, haurrak heztea nahiko zaila da, berehala aspertzen direlako eta arreta oso erraz galtzen dutelako. Beraz, irakasleok haien interesa pizten dituzten baliabideak bilatu behar ditugu eta ipuinak baliabide aproposak dira horretarako, hain zuzen ere. Ipuin bat kontatzeko ordua, bai ipuina kontatzen duenaren aldetik baita entzuten duenaren aldetik ere, oso une berezia izan behar da; fantasiazko eraikuntzak sortuko direlako irakurlearen eta entzulearen buruetan eta irudimenak konpartitzeko aukera izango dute eta.

    Hortaz, azaldu dudan guztiagatik, bi argazki hauek oso interesgarriak iruditu zaizkit.